martes, 24 de mayo de 2011

EGUNKARIETAN III

Gure ikastetxetan aurrematrikula sasoian gaude eta badirudi, berriro ere, erlijioko ikasleen kopuruak behera egin duela. Beste edozein negozioetan arduradunak zera pentsatuko luke: “Agian gizartea aldatu da eta eskaintzen dudanak ez du jada interesik?” ala “Zer dela-eta ez dut lortzen nire eskaintza erakargarri izatea?”, baina Donostiako gotzain jaunak bere adierazpenetan garbi utzi digu ez dela hori arazoa, ez.

Gertatzen dena da hainbat eskoletan legea ez dutela betetzen eta ezin dela umeak erlijioan matrikulatu, nahiz eta hezkuntza sailburuak esan EAE osoan inprimakiak berberak direla, bere erlijio laukitxoarekin.

Egia ote gure eskoletan erlijioak eta erlijioko irakasleak jazarpena jasaten ari direla? Errepasa ditzagun zenbait egoera:

1- Erlijioko irakasleak ez ditu Eliz Amak alokatzen, ezta ordaintzen ere. Elizbarrutiko gotzainak kontratua merezi dutenen zerrendak prestatzen ditu soilik. Kontratua administrazioak gauzatzen du, eta zergak ordaintzen ditugun guztien artean ordaintzen diegu. Hau da, bere apostolutza dohainik da elizarentzat. Eta beraiek lanpostua finkoa badute, oposaketak, meritu lehiaketa eta beste hainbat txorakeri egin behar izaten ditugunak irakaskuntza publikoan lan egin nahi dugun besteok, jasan barik. Ba al da beste erakunde pribaturik hain baztertua, zeina eskola publikoko irakasleak aukeratzen dituen?

2- Gipuzkoako ikastetxe batetan bada ikasle bakar batez osatutako erlijioko “talde” bat. Hautazko beste edozein gaitan gutxienez 15 ikasle behar dira taldea osatzeko. Zein dago baztertua, ikasle batez arduratzeko ordaintzen dugun emakumea ala talde barik geratzen den irakasle bere gaia 14 ikasleri soilik gustatzen zaielako?

3- Gipuzkoako beste ikastetxe batean erlijioko 16 ordu daude astean. Bestalako gai bat izanik irakasle bakar batek hartu beharko lituzke, eta, gainera, antzeko gaietako beste batzuk er. Erlijioko bi irakasle ordaintzen ari gara 16 orduak bien arteko banatzeko. Zein dago baztertua 16 ordu osoak hartu behar dituen irakaslea, ala bien artean banatzen dituztenak?

4- Berez, gai bateko ordubete besterik ez badu eta beste batek 18 ordu, azken horren titularrak arduratu behar du ordu solte horretaz; baina Bizkaiko ikastetxe batetan ordu bakar hori erlijiokoa da, beraz, erlijioa irakasteko kontratua izan zen kristauak ematen ditu beste 18ak. Zein da baztertua bere gaiko ordu bakarra izanik eskolan geratzen dena ala 18 izanik alde egin behar duenak?

5- 696/2007 Errege Lege Dekretuak dionez, erlijioko irakasleak erlijioa irakasteko alokatuak izanen dira; baina EAEn baztertzaileak gara, eta hala, 2009. urtean Eusko Jaurlaritzak eta zenbait sindikatuk sinatutako hitzarmenaren ondorioz, erlijioko 27 irakasle ditugu erlijioa ez den gaiak irakasten. Hauetatik seik ordu gehiago dituzte beste gaietan eta batek enpate egiten du. Denera, 121 ordu astean; 6 lanpostu, gutxi gorabehera.

6- Erlijioko ordezkapenak egiteko izena eman dutenen artean hainbat irakasle beste gaitetako zerrendetan ere badaude. Berez, ez zaigu gaizki iruditzen; baina, arazotxo bat: erlijioa irakasten ematen dituzten orduak beste zerrendetan gora egiteko zenbatzen dire, eta, horrela haiek baino urte gehiago daramatenen aurretik erraz jartzen dira. Besteek ezin diete lehiarik egin “missio canonica” ez badute. Zein baztertua, zerrenda bitan dagoena, ala batean dagoena?

Amaitzeko, ohartxo bat gure umetxoak ikasi dezaketenari buruz. Aipatu dugun 696/2007 Errege Lege Dekretuan azaltzen dira, baita ere, kaleratzeko zergatiak (7. artikukulan); C atalean dio missio canonica galtzea dela horietako bat, eta, beraz, erlijioko irakasle batek bere klaseetan homosexualak akabatu behar direla defendatzen badu (lebitar liburua; 20,13), administrazioak hilero soldata zintzo-zintzo ordaindu beharko dio; baina, historia edo biologia irakastea tokatu zaiola eta, bilakaera azaltzen badu, gotzain jaunak kalean utzi dezake missio-a kenduz.

Benetan uste dugu hainbeste bazterketa saihesteko bide bakarra dagoela: elizak (eliza orok) eta estatuak behingoz onartzea Espainiar Konstituzioaren 16. artikulua: ESTATUA LAIKOA DA.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA ETA LAIKOA, ORAIN!


Idazki hau 2011ko maiatzaren 22an argitaratu zen "Berria" egunkarian.

1 comentario:

  1. Hauxe argitaratu du Koldo Arranzek Facebooken:
    Hurrengo larunbatean oposaketen lehenengo azterketa egingo dugu, BECen. Azterketa hori gainditzen ez dugunok edo plaza urriren bat hartzeko notarik ateratzen ez dugunok betiko zabuan ibiliko gara aurrerantzean. Baina erlijioa ematen dutenek nahiko izan dezakete ordu bateko eskaera lana ziurtatuta izateko, beraien ordutegia beste gauzekin betetzera behartuta baitaude institutuak. Hori bai, obispoaren oniritzia mantentzen duten bitartean (sartzeko behar duten berbera hain zuzen ere). Nik hamasei urteko ibilbidean erlijio asko eta fede gutxi ikusi dut institutuetan. Hori dela eta azterketara kamiseta beltza eramango dut, protesta gisa.

    ResponderEliminar